16/1/17

Arkitektura pedagogikoa

Utikan hormak ikasgeletatik

Ikasgela itxien ordez paretarik gabeko espazio irekiak bagenitu? Ikasmahai deserosoen ordez, aulki mugikorrak eta sofak? Giro hermetikoaren partez, kanpoko argia? Helburu hezitzaileek bultzatuta, gero eta ikastetxe gehiago ari dira arkitektonikoki eraldatzen. Maria Acaso irakasleak garbi du: ospitaleen antz gutxiago eta kafetegien antz handiagoa behar du eskolak. 

ARGIAn Mikel Garcia Idiakez @mikelgi, 2017ko urtarrilaren 15a
 
Paretarik gabeko eremu irekiak, ludikoak eta koloretsuak aurkitu ditugu Arizmendi ikastolako Uribarri eraikinean, Arrasaten (arg: Dani Blanco) 
Paretarik gabeko eremu irekiak, ludikoak eta koloretsuak aurkitu ditugu Arizmendi ikastolako Uribarri eraikinean, Arrasaten (arg: Dani Blanco).


Sartu eta berehala, benetako zuhaitzak ikusi ditugu ikastetxe barruan, eta ume bat adar gorenean. Ez al da eroriko? Gure kezka. Orain arte ez dutela ezbeharrik izan, haur bakoitzak neurtzen dituela bere ahalmen eta arriskuak eta goraino iritsi ezin daitekeenak ez duela goraino egingo, Izaskun Aranbarri irakasleak erantzun diguna. 0-6 urte arteko 150 ume eta hamar bat irakasle hartzen dituen Uribarri eraikinean gaude (Arizmendi ikastola, Arrasate). Bi solairu ditu eta espazioka dago antolatuta, baina espazio hauek ez dira gune isolatuak, eremu irekiak baizik, paretarik gabeak, ludikoak eta koloretsuak. Txoko ugari ikusi ditugu: eskulanak egiteko, material ezberdinekin esperimentatzeko, proiektuka aritzeko, jolasteko… eta lasai egoteko txokoa ere aurkitu dugu espazio guztietan, gortina gardenez babestua; barruan koltxonetak, kuxinak, liburuak, musika lasaia, proiektorea… “Haserre daudenean ere, hara joan ohi dira baretzera”, kontatu digu Aranbarrik.
Egiturek eta altzariek zailtasun maila ezberdinak dituzte, ikaslea bera joango baita probatzen, salto egiteko, igotzeko edo jaisteko duen abildadearen arabera. Areago, 0-2 urte artean daudenek arkitektonikoki egiten dute trantsizioa, nolabait: aldapatxoak banantzen ditu espazio lasaiagoa eta espazio konplexuagoa, eta aldapa igotzeko gai direnean, prest daude bigarren gunera joateko. Lasaitasuna bilatzen duen haurrak beheranzko bidea ere egin dezake. Labirintoak eta batik bat zuloak atzeman daitezke egitura asko eta askotan, espazio intimoak eskaintzeko asmoz: talde txikitan edo bakarka, zuloetan sartu eta euren kontura aritzea gustuko dute haurrek. Gurasoek ere badute beren eremua, seme-alabak uzten eta jasotzen dituztenerako, trantsizio modura. Beirate handiek eguzkiaren argia eta berotasuna sartzen uzten dute eta komun mistoak ere beiratez inguratuta daude, denon bistara. “Hemen ez dugu ezer ezkutatzeko”.

 
Txokoka antolatutako espazioak, lasai egoteko gunea, zailtasun maila ezberdineko azpiegiturak, intimitaterako zuloak nonahi... Arizmendin (arg: Dani Blanco)
Mistoak eta beiratez inguratuak, halakoxeak dira baita ere komunak Arizmendi ikastolako Arimazubi eraikinean. Beheko solairuan, Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren maila daude. 88 ikasle eta lau irakasle finko dira eta solairu guztia da bat: beirate handiek bananduta, baina pasillo bakar batek elkartuta; irakasleen gela ere integratuta dago espazio berean. Eta anfiteatroa dute, harmailekin, talde osoa batzeko. Hurrengo erronka, akustika: sabaia jaitsi eta material bereziak erabiliz zarata zurrupatzea dute helburu.

Guztira 12 eraikin eta 3.000 bat ikasle ditu Arizmendik, Haur Hezkuntzatik Lanbide Heziketaraino. Duela zortzi urte hasi zituzten aldaketa arkitektonikoak eta gaur egun Haur Hezkuntzako sei eraikinak eta Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailak birmoldatu dituzte, konfiantzaren pedagogiarekin koherentea den espazioa antolatzeko saiakeraren barruan. Lehen Hezkuntza osoaren eta Batxilergoko espazioaren moldaketan murgilduta daude une honetan; adin horietarako zer nolako espazioak nahi dituzten ari dira eztabaidatzen eta udan egingo dituzte obrak zenbait eraikinetan. Bigarren Hezkuntzako espazioak eraldatzea etorriko da gero. Txikitan abiatutako pedagogiari jarraikortasuna eman nahi diote goragoko mailetan ere, izan ere zer zentzu du umeekin proposamen berritzaileak lantzea, gero bat-batean ohiko eskema zurrunetara itzularaziko bada ikaslea?







 
Lehen Hezkuntzako gunea, Arizmendi ikastolako Arimazubi eraikinean (arg: Dani Blanco)

Egitura zurrunetatik espazio gardenetara

“Ikasgelak ez daude irakasteko pentsatuak, kontrolatzeko baizik”; Stephen Heppell hezitzailearen hitzak dira. Arizmendiko pedagogia zuzendari Amaia Antero ez da hain gordina, baina garbi du: espazioaren kontzeptua ezin da isolatu planteamendu pedagogikotik, “eta eskolako espazioek, salbuespenak salbuespen, gizarte eredu bati erantzun diote, industrializazio garaiko mentalitateari: diziplina eta autoritatea. Horrek eskatzen du irakaslea erdigunean eta ikasleak ilaratan jartzea, irakasleari entzutea eta obeditzea helburu, norabide bakarreko irakaskuntza baten barruan. Egungo gure planteamenduan, irakasleak ikasleei informazioa emateko momentuak ez dira desagertzen, baina kontua da zein proportziotan egiten den hori, eta nola: taldeka aritu daitezke ikasleak, talde batean eurak autonomo, eta beste talde batean irakaslea lagun dutela. Norabide askotan eraikitzen baita ikaskuntza prozesua, ez irakaslearengandik bakarrik”. Hori guztia errazten eta ahalbidetzen du espazioa birmoldatzeak. “Gainera, orain arteko espazioak hotzak ziren, beste goxotasun bat bilatzen ari gara”.

Amaia Antero, irakaslea: "Ez daude gela itxiak, espazio irekiak baizik, ikasgela bat = irakasle bat dinamika puskatuz. Bilatu dugun gardentasuna lotuta dago denak gertu sentitzearekin eta elkarlanarekin"

Gehiago irakurtzeko...

No hay comentarios:

Publicar un comentario